Duguna dantza taldea
2008 May 6 by ezpalak
Duguna dantza taldea 1949. urtean sortu zen Iruñeko udalaren gerizpean. Izena urtebete beranduago sortu zuten Duguna izeneko ikuskizunetik hartu zuen taldeak. Hiriko ekitaldi ofizialetan parte hartzeaz gain (San Fermin, San Saturnino…), Euskal Herriko dantza tradizionalak dantzatzea eta sustatzea du helburu. Gaur egun 60 bat dantzarik eta musikarik osatzen dute taldea. Dantza eskola ere badu, eta bertan 70 bat ume ari dira dantzan ikasten.
Gipuzkoako uztai-handiena eta uztai-txikiena
Gipuzkoako Goiherriko brokel-dantzan arkuekin egindako dantzak ezagutu dira XIX. mendetik aurrera. Horren aurretik, badira zenbait aipamen XVII. mendean dagoeneko Gipuzkoan arkuekin egindako dantzak bazirela erakusten digutenak. Angel Muruak Seguran 1648an San Juan egunean dantza egiteko erabilitako uztaien berri jaso du.
Hala ere, uztai txikiena eta uztai handiena ez dira ageri Gipuzkoako dantzei buruz Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako liburuan. Baina bere garaiko beste talde batzuek arku-dantzak egiten zituztela azaleratu du Juan Antonio Urbeltzek. 1819an Sajoniako Amalia erreginari Irunen eskainitako harreran, apaindutako uztaiekin eskaini zitzaizkio dantzen berri bildu du Juan Antonio Urbeltzek. Ondoko urteetan, Iztuetaren ikasle izan zen Jose Antonio Olanok prestatzen zituen dantzari taldeetan brokel-dantzaren sortan normaltasunez ageri dira arku-dantzak, eta errepertorio horixe bera iritsi da XX. mendera Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuaren eskutik.
