Oñatz dantza taldea
2008 May 6 by ezpalak
Gorpuzti egunaren ondoko igandean ospatzen da Oñatin Corpus Christi jaia. XVI. mendean dagoeneko dantzariek Oñatiko Gorpuzti eguneko ospakizunetan parte hartzen zutela erakusten duten agiriak aurkitu dituzte ikertzaileek. Oñatz dantzari taldeko zortzi dantzarik eta buruzagi edo maixuak osatzen dute dantzari taldea. Dantzariek apaingarriak (gona motza, bandak e.a.) gorri kolorekoak erabiltzen dituzte eta buruzagiak, urdin kolorekoak.
Dantzariak ostiralean hasten dira lanean, kalez-kale eta auzoz-auzo herri osoan ibiliko baitira dantzan eta puska biltzean. Igandean, prozesioan dantzan joango dira dantzariak eta arratsaldean, plazan, Korpus dantzen agerraldi nagusia egingo dute. San Sebastianen zortzikoa, banakoa, launakoa, zortzikoa, makil-dantza eta arku-dantza dira egiten dituzten dantzak.
