Kezka Dantza Taldea Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortu zen 1958an, beraz, 2008an 50 urte bete zituen. San Joan egunean soka-dantza egin ohi du Untzaga plazan, eta Santa Kurutz, Azitain edo Goimendi auzoetan ere egiten ditu soka-dantzak. 2005ean Arrateko Amaren dantzak plazaratu zituen eta 2008an inauterietan koko-dantzen konpartsa plazaratu zuen.
Axeri-dantza, Galaien eta Neskatxen soka-dantza
Andoain eta Adunako axeri-dantza egingo dute Kezka dantzari eta dantza eskolako ikasleek. Gipuzkoako dantza tradizioko urratsak dantza-jolas berezi batekin nahasian ageri dira 70eko hamarkadan Lizar-makil dantza taldeak Adunako adineko dantzariekin hitzeginda berreskuratu zuen tradizio honetan. Bere bigarren ekitaldian, Kezkako dantzariek galaien eta neskatxen soka-dantza bat egingo dute, dantza preklasikoen multzoan sar daitezkeen Gipuzkoako urrats eta osagaiak erakusteko asmoz.
