Monteagudoko dantzarien taldea 1987an eratu zuten. Herriko bertako dantzak egiteaz gain, batez ere Nafarroako eta orohar Euskal Herri osoko dantzak ere ematen dituzte haien emanaldietan.
Arku-dantza eta zenbait makila-dantza
1988. urtean berreskuratu zuten Monteagudoko Paloteadoa, hainbat hemarkadetan dantzaru gabe egon ostean. Antzinako dokumantazioa kontsultatu eta ondoko herrietako gisa honetako dantzetan oinarrituz, Nafarroako erriberako dantzen eredua jarraitzen duen zikloa atondu zuten. Hainbat makila-dantzek, zinta-dantzak eta arku-dantza batek osatzen dute Paloteadoa.

Posted in 2008 | Tagged monteagudo | No Comments »
Justo del Rio izan zen Burgosko talde honen sortzailea eta hala jarri zioten izena taldeari, 1968. urtean. Burgosko dantzak herrialdean bertan eta mugetatik kanpo erakusteko sortu zuten taldea eta hala ari dira lanean. Urte guzti horietan 50 dantza inguru bildu, ikasi eta dantzatzen dituzte. Herriko zaharrenek erakutsitakoak jaso eta bere horretan dantzatuak aurkezten dituzte dantzak batzuetan. Justo del Rio sortzaileak eta beste koreografo batzuek berregituratuak beste batzuetan.
Hiriburutik bertatik etorriko dira 25 bat lagun, dantzari eta musikari (dultzaineroak eta perkusio-joleak).
Bi dantza plazaratuko dituzte aurtengo Ezpalak jaialdian.
Arco de Frias eta La Campiña
Batetik, Arco de Frias edo Frias herriko arkua. Burgoseko iparraldean dantzatzen den dantza da, Friasen, Arabatik oso hurbil dagoen herrian. Berez, Gaztelako hegoaldean leku askotan aurki daitekeen dantza mota da horrakoa. Horregatik da hain berezia Friasen aurkitzea, Gaztelako iparraldean. Antzinako tradizioan oinarritutako dantza da Arco de Frias. Herriko santuen aurrean uztaiak jaso eta santuak goratzeko edo haiei bidea egiteko erabiltzen da.
Bestetik, La Campiña dantza aurkeztuko dute. Urbion mendikatean, XX. mende erdira arte, bertako emakumeek dantzatzen zuten La Campiña. Uztaiekin lotura eta bira zail eta nahastuak egiten dituzte dantzariek, ikuskizun ikusgarri eskainiz.

Posted in 2008 | Tagged justo-del-rio burgos | 2 Comments »
Danza de Varas dantza Las Vegas herrian sortua bada ere, bere jatorriaz baieztapen handirik ezin da egin. Belaunaldi zaharren bitartez heldutako informazioak ordea zera dio: jatorria Tarragonan eta Katalunian duela eta, garai bateko lurjabe batek erakutsitako dantza dela.
Jatorria ezezaguna badu ere, gaur egun, oso errotuta dagoen arku-dantza da. Ondare berezi gisa aurkezten dute arku-dantza hori Tenerifeko dantzariek. Gitarrek, bandurriek, lauteak, tinpleak, biolinak eta kriskitinek sortutako doinuez dantzatzen da Danza de Varas.
Santa Kruz de Tenerife irlatik datoz. Dantza berak bezala taldeak ere belaunaldiz belaunaldi biziraun du. Txandaka gazteek hartu izan dute lekuko berria eta hala iraun izan du taldeak; azkeneko erreleboa 1996. urtean hartu zuten. Egun, 11 dantzarik eta 10 musikarik osatzen dute taldea. Herriko jaietan plazaratzen dute aipatu arku-dantza; uztailaren 16an, Karmen Egunean, eta, urriaren 12an, Pilar Egunean.

Argazkia: Mataparda
Posted in Uncategorized | Tagged chimiche danza-de-varas tenerife | 1 Comment »
Donostiako auzoa da Añorga baina, bizitza propioa garatu duen horietakoa. Bi mila biztanle inguru dituen nukleo horretan, dantza taldea auzoko bizimoduaren zutabeetako bat izan da, bestelako kirol eta kultur taldeekin batera.
1926. urtean sortu zuten Añorgako dantzariak taldea. Gerora, 1980an hartu zuen Arkaitz izena taldeak eta, beranduago, bi izenak batu zituzten gaur egungoa osatzeko.
Talde gehientsuenek bezala Añorgako dantza taldeak ere une ezberdinak bizi izan ditu bere ibilbidean zehar baina, gaur egun, dantza talde sendoa da; helduen taldeak 55 dantzari eta musikari batzen ditu eta 40 gaztetxok jasotzen dituzte dantza-eskolak.
Uztai Dantza eta Uztai Handi
Gipuzkoako dantzen zikloaren barruan aurkitzen ditugu Uztai Dantza eta Uztai Handi dantzak. Añorgako Arkaitz dantza taldeak indar berezia izan du beti Gipuzkoako dantzak dantzatzerako orduan. Izan ere, 1926. urtean taldea sortu zeneko garaietan Gipuzkoako dantzak zituen oinarri taldeak. Egun, zazpi probintzietako dantzak jaso eta plazaratzen dituzte.
Oraingoan mutilek Uztai Txiki dantza plazaratuko dute eta neskek, berriz, Uztai Handi dantza. Izenak berak dioen bezala, Uztai Txiki uztai txikiez dantzatzen da eta mutilek egiten dute. Dantzak berak bi atal nagusi ditu.Lehena zortzikoa, buruzagiak lehenengo eta taldeak beranduago dantzatuko dutena. Bigarrena, uztai jokoa, indarra eta teknika eskatzen duen dantza partea
Gaur egun, Uztai Handi dantza gehienetan neskek dantzatzen duten dantza da, nahiz eta jatorriz mutilek dantzatutakoa izan. Horrek ere bi atal nagusi ditu: zortzikoa eta kontradantza. Uztaiak lorez hornitzen dira eta lurrean zutik mantentzen dira dantzaren une ezberdinetan.

Posted in Uncategorized | No Comments »
Duguna dantza taldea 1949. urtean sortu zen Iruñeko udalaren gerizpean. Izena urtebete beranduago sortu zuten Duguna izeneko ikuskizunetik hartu zuen taldeak. Hiriko ekitaldi ofizialetan parte hartzeaz gain (San Fermin, San Saturnino…), Euskal Herriko dantza tradizionalak dantzatzea eta sustatzea du helburu. Gaur egun 60 bat dantzarik eta musikarik osatzen dute taldea. Dantza eskola ere badu, eta bertan 70 bat ume ari dira dantzan ikasten.
Gipuzkoako uztai-handiena eta uztai-txikiena
Gipuzkoako Goiherriko brokel-dantzan arkuekin egindako dantzak ezagutu dira XIX. mendetik aurrera. Horren aurretik, badira zenbait aipamen XVII. mendean dagoeneko Gipuzkoan arkuekin egindako dantzak bazirela erakusten digutenak. Angel Muruak Seguran 1648an San Juan egunean dantza egiteko erabilitako uztaien berri jaso du.
Hala ere, uztai txikiena eta uztai handiena ez dira ageri Gipuzkoako dantzei buruz Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitako liburuan. Baina bere garaiko beste talde batzuek arku-dantzak egiten zituztela azaleratu du Juan Antonio Urbeltzek. 1819an Sajoniako Amalia erreginari Irunen eskainitako harreran, apaindutako uztaiekin eskaini zitzaizkio dantzen berri bildu du Juan Antonio Urbeltzek. Ondoko urteetan, Iztuetaren ikasle izan zen Jose Antonio Olanok prestatzen zituen dantzari taldeetan brokel-dantzaren sortan normaltasunez ageri dira arku-dantzak, eta errepertorio horixe bera iritsi da XX. mendera Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuaren eskutik.

Posted in Uncategorized | Tagged duguna iruñea | 1 Comment »
Kezka Dantza Taldea Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortu zen 1958an, beraz, 2008an 50 urte bete ditu. San Joan egunean soka-dantza egin ohi du Untzaga plazan, eta Santa Kurutz, Azitain edo Goimendi auzoetan ere egiten ditu soka-dantzak. 2005ean Arrateko Amaren dantzak plazaratu zituen eta 2008an inauterietako dantza eta koko konpartsa bat plazaratu du.
Ibarzabal arku-dantza
1908an, Euskal Jaiak antolatu ziren Eibarren eta Jose Azpiazuk prestatutako dantzari talde batek arku-dantza eskaini zuen. 17 dantzarik (16 dantzari eta buruzagia) egin zuten arku-dantza hura. 1948an, Gregorio Santa Cruz 40 urte lehenago arku-dantzan aritutako bi dantzarirekin harremanetan jarri zen, eta Ibarzabal arku-dantza berregin zuen.

Posted in Uncategorized | Tagged kezka eibar | 1 Comment »
Ezpalak, arku-dantzen nazioarteko jaialdia
Iruñean 2008ko maiatzaren 31n - Eibarren 2008ko ekainaren 1ean
Iruñea. Maiatzak 31, larunbata
17:30ean Kalejira alde zaharretik barna jaialdiko talde guztiak, gaiteroak, txistulariak…
18.00etan Ezpalak arku-dantzan nazioarteko jaialdia Burgoen Plazan. Euskal Herriko eta atzerriko arku-dantzen erakustaldia:
- Duguna Dantza Taldea (Iruñea): Gipuzkoako uztai txikien eta uztai handien dantzak
- Danzas Burgalesas Justo del Río (Burgos): Arco de Frías eta La Campiña.
- Danzantes de Lanestosa (Lanestosa): Danza de los arcos floridos.
- Le Poutou (Toulouse): Les treilles.
- Danzadores de San Asensio (San Asensio): Los arcos.
- Xovenes do pobo (Betanzos) – Danzas gremiales de marineros y labradores.
- Grupo de dantzaris de Monteagudo (Monteagudo): Baile de los Arcos del paloteado de Monteagudo.
- Grupo de danzas de Chimiche (Chimiche): Danza de varas de Chimiche.
Eibar. Ekainak 1, igandea (43. Euskal Jaia)
12.00etan Euskal Jaiko kalejira Urkizutik Untzagara.
12.30etan Ezpalak arku-dantzan nazioarteko jaialdia Untzaga Plazan. Euskal Herriko eta atzerriko arku-dantzen erakustaldia:
- Kezka dantza taldea (Eibar): Ibartzabal arku-dantza
- Danzas Burgalesas Justo del Río (Burgos): Arco de Frías eta La Campiña.
- Danzantes de San Lorenzo (Iruñea): Danzas de San Lorenzo.
- Le Poutou (Toulouse): Les treilles.
- Arkaitz Añorgako dantzariak (Añorga): Gipuzkoako Uztai handien eta uztai txikien dantzak.
- Xovenes do pobo (Betanzos) – Danzas gremiales de marineros y labradores.
- Oñatz dantza taldea – Oñati: Oñatiko Corpus dantzak.
- Grupo de danzas de Chimiche (Chimiche): Danza de varas de Chimiche.
14.30etan Bazkaria Untzagako karpan.
17.00etan Erromeria Untzaga Plazan: Patxi eta Konpania
Posted in Uncategorized | Tagged 2008, arku-dantza, dantza, egitaraua, eibar, ezpalak, iruñea, jaialdia, uztai-dantza | No Comments »
Arku-dantzak edo uztai-dantzak izango dira 2008ko Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdiaren gai nagusia. 2006an antolatu zen lehen aldiz jaialdi hau eta lehen ekitaldi horretan ezpata-dantzak izan zen gaia. 2007an makila-dantzak izan ziren, eta aurten, 2008an arku-dantzak izango dira.
Beraz, arkuekin egindako dantzak ikusiko dira batez ere aurten Ezpalak jaialdian. Etorriko diren talde guztiek gutxienez arku-dantza bat egingo dute. Batzuk arku-dantzekin soilik osatuko dute beren emanaldia. Beste batzuk, arku-dantzak beste zenbait dantza tradizionalen artean ematen dituzte eta sorta hori eskainiko digute.
Maiatzaren 31an, larunbatean, ospatuko da Ezpalak jaialdia Iruñean eta ekainaren 1ean, igandean, Eibarren.
Posted in 2008 | Tagged ezpalak arku-dantzak 2008 | No Comments »
Ezpalak jaialdiaren blog hirukoitza da hau. Anaia bikiak izango baititu ingelesez eta espainolez.
Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdi bat da, Iruñean eta Eibarren ospatzen dena Duguna eta Kezka dantza taldeen eskutik. 2006. urtean antolatu zen lehen aldiz Eibarren, eta ezpata-dantzak izan ziren lehen jaialdiko gai nagusia. 2007an Iruñean eta Eibarren antolatu zen jaialdian makila-dantzak izan ziren gaia. 2008an arku-dantzen inguruan antolatu da Ezpalak jaialdia.
2008ko Ezpalak jaialdiaren inguruko informazioa biltzen joango gara blog honetan datozen egunetan.
Posted in Uncategorized | Tagged dantza ezpalak jaialdia tradizionala eibar iruñea kezk | No Comments »