Aitzindariak taldea Zuberoako hainbat herritako dantzariek osatzen dute, eta denek batera ematen dituzten emanaldiez gainera, bakoitzak bere herrian egiten du dantzan, tokatzen zaionean. Talde gisa, beste irteera batzuen artean, 2006ko Siziliako Nazioarteko Jaialdian hartu zuten parte, eta geroztik ikuskizun berriak prestatzen ere -Airez Aire- aritu izan dira.
Barrikada, Gabota, Branletik jaustea, Godalet dantza
Zuberoako dantzek euren urrats edo puntü berezko eta bereziak dituzte; sinpleenak: sinple, pika… Konplexuagoak: entrexat, frejat, frejat doblea etab. Zuberoako herri bakoitzak, gainera, urrats horiek egiteko estilo propioa izan dezake batzuetan. Puntuak konbinaturik sortzen dira dantzak, eta, txukun eman nahi badira behintzat, zailtasun tekniko handi samarra izan dezakete. Izan ere, Zuberoako dantza tradizioa zaharra da, baina XVIII-XIX. mendeetan akademia militarretatik itzultzen ziren zuberotarrek hantxe ikasitako urratsak txertatu zituzten dantza tradizio zaharrean, eta berau biziberritu eta aberastu egin zen. Gaur egun inauterietako maskaradak dira Zuberoako dantzak ikusi ahal izateko unerik aproposena. Maskaradetan bost pertsonaia edo bost Aitzindari aurkituko ditugu dantzari nagusi gisa: txerrero, gatuzain, kantiniersa, zamaltzain eta entseñaria.
[…] Aitzindariak – (Zuberoa) […]