Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘2008’ Category

Ekainaren 1ean, igande goizean, Ezpalak, dantza tradizionalen nazioarteko jaialdia ospatzen zen Eibarren, bezperan Iruñean burutu zen moduan. Iruñean eguraldi eskasa izan zuten, eta Eibarren igandean euririk apenas ari zuen, baina kale guztiak eta Untzaga enparantza putzuz beteta eta buzti-buzti eginda zeuden. Zeruari begiratu eta ez zuen aterrune luzea bermatzen, beraz, jaialdia Coliseo antzokian burutzearen eta kalejirarik ez egitearen erabakia nahiko goiz hartu zen.

Iruñatik larunbat gauean iritsi eta gaua UNI Hezkuntza Esparruan eman zuten taldeak -Burgos hiriko Danzas burgalesas Justo del Río, Okzitaniako Tolosako Le Poutou eta Betanzoseko Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobo- baita igandean bertan etorri beharrekoak –Iruñeko Danzantes de San Lorenzo, Añorgako Arkaitz Añorgako dantzariak, Oñatiko Oñatz eta, jakina, Eibarko Kezka taldeak- behar zuten ordurako agertu ziren udaletxean, eta Coliseorantz abiatu. Aldez aurretik aditzera emanda zegoen komunikabideetan eguraldi txarra egokitzera, antzokian izango zela jaialdia.

Eibarko Ezpalak jaialdia 12:30ean puntuan hasi zen. Lehen taldea Eibarko Kezka dantza taldea izan zen. Ibartzabal arku-dantza eskaini zuten eibartarrek, hiru aldiz. Izan ere, nola Euskal Jai egunean talde oso-osoa plazaratzen den -haur, gazte eta nagusi- ezinezkoa suertatu zitzaien denek batera dantzatu ahal izatea antzokian. Horretara, hiru txandatan igaro behar izan zuten eskenatokitik. Ibartzabal arku-dantza XX. mendearen hasierako Eibarko dokumentuetan aipatzen den dantza bakarrenetako bat da, eta lehen Gregorio Santa Cruz-ek hamabi neskarentzat moldatu zuen bezala, orain hamasei neska-mutilen taldeetan emateko prestatu du Kezka-k.

Eibartarren ondoren Danzas burgalesas Justo del Río taldearen txanda izan zen. Ibilbide luze eta sendoko taldea da, eskarmentu handikoa eta tradiziotik jasotako dantzak eszenaratzen jaioa.  Makila-dantza bizi-bizi bat eta La Campiña arku-dantza eskaini zituzten, eta horrekin batera Arco de Frías izeneko egitura ikusgarria osatu zuten.

Iruñeko Danzantes de San Lorenzo taldea aritu zen gero. Euren dantzetako batzuk eman zituzten -arku-dantza bat ere bai artean- kalerik kale dantzan egiten eta, ikusleak gozarazten ezezik, eurak ere gozatzen ohituta dauden dantzarien alaitasunez. Musika ere zoragarri entzun zen antzokian.

Segidan, Okzitaniko Tolosako hiriko Le Poutou taldea taularatu zen. Talde alai eta atsegina da hau eta Les treillles dantza eta muntaia eskaini zuten. Mahats-uzta oparoa eskatzearren, Bako jainko paganoari eginiko eskaintza omen da. Musikaz  talde ederra eta jantzi dotoreak ekarri zituzten.

Arkaitz Añorgako dantzariak taldearen txanda zen. Hurrenez hurren, Gipuzkoako uztai txikien eta uztai handien dantzak eman zituzten mutilen eta nesken bi zortzikotek, buruzagi banarekin.

Galiziako Betanzos herriko Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobo taldeak egin zuen dantzan gero. Erritual kutsu oso handia zuen kaleko arku-dantza eman zuten, eta dantzarien kopuru handiak batetik, interpretazioaren seriotasunak bestetik eta ia antzeztutako beste zati batzuen artean, oso indar handiko emanaldia ahalbidetu zuten.

Azkena Oñatiko Oñatz dantza taldea izan zen. Oñatiko bertako Corpus eguneko dantzak egin zituzten -arku-dantza ikusgarri eta ezaguna ere bai, jakina- eta berriz ere egiaztatu ahal izan zen zer nolako ardura hartzen duten oñatiarrek euren dantzak, musikak eta jantziak zaintzen eta gordetzen. Eredugarria da euren jarrera, alde horretatik.

Jaialdia 14:00ak baino apur bat lehenago amaitu zen, eta eskertzekoa da taldeei euren emanaldien iraupenaz eta sarrera-irteerez eman zitzaizkien argibideak hain zintzo bete izana.

Ikusi hemen Ezpalak 2008 jaialdiaren argazki gehiago.

Read Full Post »

Ezpalak, arku-dantzen nazioarteko jaialdia
Iruñean 2008ko maiatzaren 31n – Eibarren 2008ko ekainaren 1ean

Iruñea. Maiatzak 31, larunbata

17:30ean Kalejira alde zaharretik barna jaialdiko talde guztiak, gaiteroak, txistulariak…

18.00etan Ezpalak arku-dantzan nazioarteko jaialdia Burgoen Plazan. Euskal Herriko eta atzerriko arku-dantzen erakustaldia:

Eibar. Ekainak 1, igandea (43. Euskal Jaia)

12.00etan Euskal Jaiko kalejira Urkizutik Untzagara.

12.30etan Ezpalak arku-dantzan nazioarteko jaialdia Untzaga Plazan. Euskal Herriko eta atzerriko arku-dantzen erakustaldia:

14.30etan Bazkaria Untzagako karpan.

17.00etan Erromeria Untzaga Plazan: Patxi eta Konpania.

*Eguraldi txarra egitekotan Nabarreriako Civivox-en izanen da Iruñeko emanaldia, eta Coliseo antzokian Eibarkoa.

Read Full Post »

Azken orduko ezustea gertatu da. Chimiche-ko dantza taldeak arazoak izan ditu hegazkineko txartelekin eta ezingo du jaialdian parte hartu. Etortzeko txartela erosita zuten, baina akats baten ondorioz bueltakoa ez zegoen behar bezala bideratuta, eta orain ezinezkoa zaie erosketa gauzatzea.

Pena handia hartu dugu, bai jaialdiaren antolatzaileok, eta zer esanik ez Chimiche-koek ere. Ilusio handia zuten jaialdi honetan parte hartzeko, ez baita ohikoa beraien irlatik ateratzea beren dantzak. Erropa berriak eginak zituzten jaialdi honetara begira eta baita makilak garraiatzeko kutxa bereziak ere.

Besteren batean izan beharko da.

Read Full Post »

Read Full Post »

Frantzia (Toulouse), Kanariak (Chimiche), Galizia (Betanzos), Errioxa (San Asensio), Nafarroa (Iruñea, Monteagudo), Bizkaia (Lanestosa) eta Gipuzkoako (Añorga, Oñati, Eibar) dantza taldeek parte hartuko dut Ezpalak 2008 jaialdian. Hamabi talde eta hamaika arku-dantza desberdin, baina elkarren artean antzekotasunez betetakoak. Hona arku-dantzen jaialdian parte hartuko duten taldeen zerrenda:

Ikusi hemen jaialdian parte hartuko duten taldeen mapa.

Read Full Post »

Oñatz dantza taldea

Gorpuzti egunaren ondoko igandean ospatzen da Oñatin Corpus Christi jaia. XVI. mendean dagoeneko dantzariek Oñatiko Gorpuzti eguneko ospakizunetan parte hartzen zutela erakusten duten agiriak aurkitu dituzte ikertzaileek. Oñatz dantzari taldeko zortzi dantzarik eta buruzagi edo maixuak osatzen dute dantzari taldea. Dantzariek apaingarriak (gona motza, bandak e.a.) gorri kolorekoak erabiltzen dituzte eta buruzagiak, urdin kolorekoak.

Dantzariak ostiralean hasten dira lanean, kalez-kale eta auzoz-auzo herri osoan ibiliko baitira dantzan eta puska biltzean. Igandean, prozesioan dantzan joango dira dantzariak eta arratsaldean, plazan, Korpus dantzen agerraldi nagusia egingo dute. San Sebastianen zortzikoa, banakoa, launakoa, zortzikoa, makil-dantza eta arku-dantza dira egiten dituzten dantzak.

Read Full Post »

Danzadores de San Asensio

Gizonezkoek soilik osatzen duten taldea da honakoa eta eskualdean hala osatutako bakarra da.
San Asensio inguruan dantza tradizioa oso luzea dela aipatzen da eta dantza tradizioak XVI. mendetik gaur arte iraun duela dioten dokumentuak jaso dituzte. Beraz, belaunaldiz belaunaldi mantendutako dantzak ditugu honakoak.

Los arcos

Los arcos izeneko dantza da Errioxako herri honetan arkuekin egiten duten bakarra. Honekin batera hainbat makila-dantza ere egiten dituzte. Arku-dantza, jaietako egun handiko emanaldian egiten den azkena izaten ohi da, agurtzeko balio izaten duena.  Nafarroako dultzainen eta danbor doinuen erritmora hamar minutuko saioa eginen dute San Asensioko dantzariek.

Read Full Post »

Grupo de dantzaris de Monteagudo

Monteagudoko dantzarien taldea 1987an eratu zuten. Herriko bertako dantzak egiteaz gain, batez ere Nafarroako eta orohar Euskal Herri osoko dantzak ere ematen dituzte haien emanaldietan.

Arku-dantza eta zenbait makila-dantza

1988. urtean berreskuratu zuten Monteagudoko Paloteadoa, hainbat hemarkadetan dantzaru gabe egon ostean. Antzinako dokumantazioa kontsultatu eta ondoko herrietako gisa honetako dantzetan oinarrituz, Nafarroako erriberako dantzen eredua jarraitzen duen zikloa atondu zuten. Hainbat makila-dantzek, zinta-dantzak eta arku-dantza batek osatzen dute Paloteadoa.

Read Full Post »

Justo del Rio izan zen Burgosko talde honen sortzailea eta hala jarri zioten izena taldeari, 1968. urtean. Burgosko dantzak herrialdean bertan eta mugetatik kanpo erakusteko sortu zuten taldea eta hala ari dira lanean. Urte guzti horietan 50 dantza inguru bildu, ikasi eta dantzatzen dituzte. Herriko zaharrenek erakutsitakoak jaso eta bere horretan dantzatuak aurkezten dituzte dantzak batzuetan. Justo del Rio sortzaileak eta beste koreografo batzuek berregituratuak beste batzuetan.

Hiriburutik bertatik etorriko dira 25 bat lagun, dantzari eta musikari (dultzaineroak eta perkusio-joleak).
Bi dantza plazaratuko dituzte aurtengo Ezpalak jaialdian.

Arco de Frias eta La Campiña

Batetik, Arco de Frias edo Frias herriko arkua. Burgoseko iparraldean dantzatzen den dantza da, Friasen, Arabatik oso hurbil dagoen herrian. Berez, Gaztelako hegoaldean leku askotan aurki daitekeen dantza mota da horrakoa. Horregatik da hain berezia Friasen aurkitzea, Gaztelako iparraldean. Antzinako tradizioan oinarritutako dantza da Arco de Frias. Herriko santuen aurrean uztaiak jaso eta santuak goratzeko edo haiei bidea egiteko erabiltzen da.

Bestetik, La Campiña dantza aurkeztuko dute. Urbion mendikatean, XX. mende erdira arte, bertako emakumeek dantzatzen zuten La Campiña. Uztaiekin lotura eta bira zail eta nahastuak egiten dituzte dantzariek, ikuskizun ikusgarri eskainiz.

Read Full Post »

Arku-dantzak edo uztai-dantzak izango dira 2008ko Ezpalak dantza tradizionalen nazioarteko jaialdiaren gai nagusia. 2006an antolatu zen lehen aldiz jaialdi hau eta lehen ekitaldi horretan ezpata-dantzak izan zen gaia. 2007an makila-dantzak izan ziren, eta aurten, 2008an arku-dantzak izango dira.

Beraz, arkuekin egindako dantzak ikusiko dira batez ere aurten Ezpalak jaialdian. Etorriko diren talde guztiek gutxienez arku-dantza bat egingo dute. Batzuk arku-dantzekin soilik osatuko dute beren emanaldia. Beste batzuk, arku-dantzak beste zenbait dantza tradizionalen artean ematen dituzte eta sorta hori eskainiko digute.

Maiatzaren 31an, larunbatean, ospatuko da Ezpalak jaialdia Iruñean eta ekainaren 1ean, igandean, Eibarren.

Read Full Post »